Argiñe Barandiaranek sosak behar ditu, eta Koldo Guerrak badauzka; Argiñek bere ibilbideari ekin behar dio berriro, eta Koldok lan bikaina du eskaintzeko, itxuraz behintzat. Baina pertsonaia horrek baditu sekretu batzuk ezkutuan…
Argiñe eta Koldo Oiz mendian gora doazen heinean, agerian geratzen da zuzendariaren ezohiko nortasuna. Eta halaxe iritsiko dira lehenbiziko gaua kanpoan igarotzera…
Bikote bitxiak gailurrera ia erabat hurbiltzea lortuko du, baina Argiñeri susmagarriak irudituko zaizkio Koldoren portaera alderraiak.
Azkenean, gailurrera iristea lortzen dutenean eta filmaketak tankera ona duela dirudienean, Koldok eta Argiñek ezberdintasunak alde batera utzi eta gaueko gertaerak ahaztuko dituzte… Edo ez.
Une horretara iritsita, bi protagonistek ondo konpondu beharko dute, eta, elkarrekin konektatzeko ahaleginean, Koldok ezusteko atsegina emango dio Argiñeri. Baina, espero den bezala, Koldo oraindik ez da oso tipo garbia…
Hainbeste txorakeriarekin aspertuta, Argiñek alderdirik tiranikoena aterako du, basotik lehenbailehen ospa egiteko asmoz. Hala ere, zapuztu egingo da haren saiakera: ia-ia tortura-itxura hartzen hasi den lanetik ihes egin nahian hasiko da.
Ordu luzeetan zirkuluak egiten ibili ondoren, Koldok eta Argiñek meatze-kokaleku zahar batean hartuko dute babes, nahiz eta Koldok susmatzen duen iritsi direla bila eta bila zebilen tokira.
Koldok zentzurik gabeko gauzak esango ditu, eta, horretaz gainera, desagertu egingo da. Une horretan, Argiñek ihes egitea erabakiko du, beldur baita bere segurtasunagatik. Azkenean, jakingo dugu zeren bila zebilen Koldo benetan. Eta hasieratik arrazoi baldin bazuen?
Argiñe eta Koldo etsipenak jota daude. Argiñek amesgaiztoa bukatzea nahi du, eta bestea, berriz, hasi besterik egin ez delakoan dago. Dena dela, baliteke amaiera gertu izatea bientzat.